XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Epailaria haren bila dabil eta preso altxatuko zuen.

Beste bi aldiz ere espetxeratu izan zen gero.

Mila bederatzirehun eta zazpian: Bilboko Arenalean manifestaldia: odola ez zaio epeldu Belaustegigoitiari.

Honek Hil bedi Espainia! oihukatzen du.

Ondorioz, iheska eta izkutuka ibili beharko.

Eta nora egin ihes? Durangora.

Baina to!.

Han, bertako neska batez maitemindu zen eta ezkondu.

Durangon bizi zen geroztik, gudaterarte.

Eleizalde-ren oso adiskidea, JEL eta Euzkadi aldizkarietan idatzi zuen Belaustegigoitia euskaltzale porrokatuak.

Euskara beti ere izan zuen gogoan, haren iraupena eta batasuna.

Bospasei ikasbide moldatu zuen, haietako bitan bi bide goxo erabiliz: batean musika eta bestean loteria.

Eskolak ere (erdalduntze eta kristaugabetze bideak zirelako) beti izan zituen kezka-iturri.

Euskaltzain laguntzailea Euskaltzaindiaren haseratik, gure Arau nagusiak idatzi zituen, eta Sariketa Batzordean parte hartu.

Durangon zinegotzia (edo kontzejala) izan zen eta bertako Batzokian euskal irakasle.

Etxe polita bazuen hantxe, orain alabak bizi diren bera.

Baratzea oso maite zuen eta askotan, seme-alabek, txantxetan, leihotik esaten zioten latin ikasi berrian: Pater noster agricola est.

Durangoko bonbaketan, sarraski hartan, alabatxo bat hil zitzaion.

Biharamunean, Baiona aldera joateko prestalanean hasi zen: aurrena emazte-haurrak igorri, geroxe bera haiengana biltzeko.

Haren etxea laster bereganatu zuten etsaiek, liburu guztiak etxe aurrean erre ondoren.

Ez zen, haatik, lanean geldituko: beste bi ikasbide moldatu zuen Belaustegigoitiak Baionan bizi zenean.

1941.ean Bilbo aldera itzuli ahal izan zuen eta Areetan kokatu.

Euskaltzaletasuna hil arte eraman zuen gogo-bihotzetan.

Alabek kontatu didatenez, Madrilen, tabernako zerbitzariei euskaraz hasten zitzaien.

Pentsa! Gerra ondoko urte beltz haietan!.

Eta 1947.ean hil zen gure gizona.

Esan dezagun orain bi hitzño haren idazlanez: Baserritarra astekaria aipatu dugu.